facebook
twitter
deviantart
linkedin
digg
  • Hasiera
  • Biografia
  • Zer eskaintzen dut?
    • Aurkezpenak
    • Produkzioa
    • Hitzaldiak
    • Kale animazioa
    • Oxabi erromeria
  • Prentsa eta elkarrizketak
  • Neure saltsan!
  • Bloga


Hasiera > Bloga > «¿Con quién quieres pactar un referéndum?» eta Gure Esku Dago

«¿Con quién quieres pactar un referéndum?» eta Gure Esku Dago

2017/11/26
Catalunya, Euskal Herria, Gure Esku Dago, iritzia, politika
2 komentario

Ez da ohikoa nire webgune pertsonal honen bidez iritziak argitaratzea. Ondorengo hau, hala ere, iritzia baino hausnarketatxoa dela esango nuke. Doala aldez aurretik beste eduki batzuetara ohituta zaudeten bisitarientzako barkamena.

Gabriel Rufián Espainiako Kongresuko ERCko diputatuak eta Pablo Echenique (euskarazko abizena horrela idatzi beharra ere…) Podemos alderdiko ordezkariak Kataluniako TV3 telebista-kateko Preguntes Freqüents saioan izan zuten aurrez aurreko elkarrizketaren 37 segundo esanguratsu hauen harira, Euskal Herriko ikuspegitik nire ekarpentxoa egin gurako nuke.

Kataluniako egoera politikoaren aurrean, Podemos alderdi espainiar eta ezkertiarra espainiar estatuarekin itundutako erreferendum bat egitearen aldekoa da. Aipatutako saioan, Pablo Echenique diskurtso hori eman nahian dabilela, aurrean duen Gabriel Rufiánek etengabe galdetzen dio ea «norekin adostu daitekeen espainiar estatuan galdeketa bat egitea». Erantzun gabe uzten du katalanak zientzialari espainiarra. Ez omen dago erreferenduma adosterik ezta PPrekin, ezta PSOErekin eta are gutxiago Ciudadanos-ekin, baina ezta Espainiako Konstituzio Auzitegi edo Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin ere.

Egoera gurera ekarriz, euskaldunok ere oso kontuan izan beharko genuke deskonposizio prozesuan eta demokrata izatetik urrun dagoen espainiar estatuarekin, gaur gaurkoz, ez goazela inora. Baina inora joan baino lehen ere, lehenengo etxeko lanak egin, euskaldunak elkartu eta gure artean antolatu beharko dugu. Horretarako da, nire ustez, Gure Esku Dago ekimena hain beharrezko.

Zergatik GED beharrezko?

Herri honen etorkizun politikoa berebiziko gaia da alderdi konkretu batzuen esku uzteko. Herri honetako gai eta arazo sozial, kultural, administratibo eta politikoak gai garrantzitsuegiak dira alderdikerien arteko ika-miketan galtzeko. Eta are garrantzitsuagoak beste inoren esku uzteko. Horregatik, euskaldunok «kolore» zehatz batzuen esku eroriko ez den «aterki zabala» behar dugu, non denok izango dugun tokia: iritzia eman, konstruktiboki kritikatu eta eraikitzeko baliagarria izango den tokia. Toki horrek aurreko hiru puntuak egikaritzeko baliagarria izango den plataforma behar du izan. Eta, erratuta ez banago, helburu horrekin sortu zen Gure Esku Dago. Harago noa, ez dut ikusten Euskal Herrian herrialde mailako beste proiektu zabalagoa dagoenik.

Gure Esku Dagoren diskurtsoa inklusiboa da. Inklusiboegia askorentzat agian, «askatasuna ez da bozkatzen», «erabakitzeko eskubidea gurea da eta ez diogu inori eskatu behar» edo «espainolekin ezin dugu ezer eraiki» diotenen aurrean. Eta arrazoi osoa izan dezakete, Rufiánek bideo honetan iradokitzen eta Kataluniako egoerarekin ikusten ari garen neurri berean. Baina hori diotenek akaso ulertu beharko lukete herri moduan nekez eraikiko dugula etxea, oraindik etxea bera non eraiki, zenbat pisukoa izango den eta zenbateko lurzorua hartuko duen erabaki ez dugunean. Noski, auzokideen komunitate honetan aspaldi bizi gara (hau da, Euskal Herria aspaldi da Herri eta aspaldi dago eraikita) eta komunitate honetan bizi den bizilaguna ezin izango dugu bere etxetik bota desberdin pentsatzeagatik, genozidioak eta etxegabetzeak babesten dituztenen pare egon gura ez badugu bederen. Beraz, ez duzue uste bizilagun horrekin ere hitz egin beharko dugunik? Ez Espainian edo «ondoko komunitatean» bizi den horrekin, ez, atez ate bizi den herrikidearekin baizik.

Bai, egia da, auzokideen komunitateaz entzun eta edonori sortuko zaizkio buruko minak. Ez da gutxiagorako izango.

Horregatik, Gure Esku Dago ekimena pausuz pausu doa. Astiro, baina erabakiak sendo hartuz. Erritmo horrek agian ez du konbentzitzen euskaldun abertzaleen alde bat, eta ulertzen dut erabat, baina lehen aipatutako gai garrantzitsu horiek ez dut uste gauetik egunera egin ahal izango direnik (eta egin badaitezke, zergatik ez ditu beste inork proposatzen?). Ezin izango dira gauetik egunera egin, bereziki bide horretan euren burua espainiartzat duten baina euskal herritarrak diren horiek (ere) gurera erakarri behar ditugulako: gure jokoan sartu, denon artean erabakitako erritmo eta norabide horren parte bilakatu, demokrazia espainiarren jokoan sartzen diren hauteskunde batzuetan bozkatzetik urrun dagoela ulertarazteko eta garuneko «txipa» aldatzeko, herritarrak ahaldundu eta aktibatu behar dugunaren garrantziaz jabetzeko.

Elkartuta ez bada, nola?

Euskal jendartearen gehiengoaren kontzientzia piztu eta aktibatu dugunean behartuko dugu botere politikoa elkartu eta herriaren nahi zein eskubideak egikaritzera. Eta ez naiz Espainiara erreferendum adostu bat eskatzera joateaz ari. Ez. Etxea etxekoen artean berreraikitzeaz ari naiz. Prozesu horren amaieran erabakiko dugu orduan zein eredu politiko gura dugun Euskal Herriarentzat: gauden honetan jarraitu, erabakitzeko eskubidea praktikan jarri, estatu espainolaren barne dagoen EAEren autogobernua sendotu, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren arteko batasun bat proposatu, zuzenean independentzia aldarrikatu…

Baina gizarte egonkor eta sendoa izan gabe, inork ez dio legitimitaterik emango herritarren zati batek behartuta erabaki denari; ez Espainiak, ez Europak, ezta euskal erakundeek ere. Ados, ez dugu inoren legitimitaterik eta oniritzirik behar aske izateko (eta aipatu ditudanena, gutxiago), baina ziurrenik gure herrikideen onarpenik ere ez dugu jasoko euskal herritarron gehiengoa batuta egon barik. Eta modu honetan lortuko dugun bakarra Euskal Herri zatituago bat izatea baino ez da izango.

Hori bai, elkarri mokoka bizi gura badugu, aurrera! Kritikatu dezagun ezer proposatu gabe borondate onez sortutako edozein ekimen herritar, eta jarraitu dezagun espainiar estatuaren bozkarioa aise elikatuz eta Julio Cesarrek esan omen zuen «divide y vencerás» esaldiari men eginez.

 

Jon Gomez Garai
2017ko azaroaren 26an
www.jongomezgarai.com

Share Button
2 Comments
  1. Jon Aurtenetxe 2017-11-27 at 00:19 Responder

    Hasteko eskertu egiten duzun ausnarketa. Askorako ematen du zure iritzi guztiak komentatzea baina noan baten batekin. Ez duzue uste bizilagun horrekin ere hitz egin beharko dugunik?. Nire erantzuna baiezko borobila da. Eta Getxoko Gure Esku Dagotik egin-egin delazihuratatu dezaket. Eta hitz egite horrek emaitzak ematen hasi da. Getxoko galdeketaren emaitzak begiratzea baino ez dago (https://gureeskudagogetxo.com/) baieztatzeko 88 ezezko boto eman zirela. Lehengo irakurketa zehatz batetan herritar hauek ez dute uste EHko herritarrek erabaki behar dugunik…baina iritzi hori adieraztera etorri ziren. Galdeketan parte hartzeko prest daudela ere ondoriozta daiteke.
    Elkartzearen beharraz ere uste dut heritar moduan errazago lortu daitezkeela konplizitateak alderdi politikoen artean baino. Ezin dugu itxaron alderdiek euren arteko ituna egin arte. Bestelakoa da prozesua herritarrok konbentsitu behar ditugu alderdiak Erabakitzeko Eskubidea nahi eta nahiezkoa eta beharrezkoa dela eta, nahiz eta eurak euren arteko borrokarekin jarraitu, eskubide hori etorkizuneko euskal gizartearen hazi komuna dela. Bizikidetza berriko abiapuntua.

  2. Jon Gomez Garai 2017-11-30 at 12:35 Responder

    Eskerrik asko zure ekarpenagatik, Jon. Getxo hartu duzu adibide, eta bada denontzako eredu!

    Batzuek hasi dute bidea, eta bide horri ekitearen garrantziaz azpimarratu gura nuen, besteak beste, «bizilagun horiekin» ere berba egiteko. Baina duda barik, nik ere uste dut bide hori herritarrok hartu behar dugula. Herriak izan behar du protagonista eta ez dugu alderdien zain egon beharrik. Kontrakoa baizik, herritarrok izan beharko genuke alderdiak herriaren nahietara «behartu» beharko genituzkenak.

    Gainera, herritarron benetako indarrik gabe, alderdiek ez dute euren lehentasunezko agendan izango herri honen erabakitzeko beharra.

    Amaitzeko, zure baimenarekin, eta Getxokoen ezezko horietara bueltatuz, beste hausnarketa txiki bat: «Ezetz esateko ere eskubidea izan behar da». Horrek egingo gaitu handi! Aurrera!

Komentariorik egin nahi? Cancelar respuesta

*
*

Ocho + quince =

captcha *

Sarrera gehiago...

Bost aurkezpen sei egunetan!
2019/10/31
Vera Alonsori elkarrizketa
2019/10/23
Musika Bizian 2019
2019/10/15
EiTB Jaia, eskerrik asko!
2019/10/13
Bigarrenez, EiTB Jaian aurkezle
2019/10/11
Akebason ofiziante lanetan
2019/10/05
Azken Gudaria, Galdakaon!
2019/09/26
Red Bull Cliff Diving aurkezten
2019/09/15
Bi kontzertu + Red Bull Cliff Diving
2019/09/13
Aniztasunetik Eraikiz, Kursaalen
2018/12/10

Etiketak

Agurra Andra Mari aurkezpenak BEC Bermeo Bilbo Bizkaia dantza Donostia Edinburgh El Conquistador del Fin del Mundo elkarrizketa elkartasuna entrevista ETB euskara Galdakao Gernika Getxo Gure Esku Dago hitzaldiak iritzia jaialdia komunikazioa kontzertuak Leioa musika Musika Bizian NER Oxabi produkzioa Red Bull Robin Food Saratxaga SexSua Sondika Topagunea Torrezabal trikitixa Ttap txistua Txorierri Udagoieneko Ostera Vitoria-Gasteiz zuzenekoak

JON GOMEZ GARAI j.gomezgarai@gmail.com


Orrialde honetako eduki guztia Creative Commons
Aitortu-Ez Komertziala-Lan eratorririk gabe baimenpean dago